XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ortik, ba, onek ontzat daukana ba'leiteke besteak ez eukitea: ao-zuria gustoa sartzen da berton, sarri samar.

Baiña ba-dira gauza batzuk, zelanbait esan guztizkoak, mundu guztiak eder ikusten dabezanak, eta orduan esan oi dogu gaia edo gaikiaren doai bat dala ori, ots, danoi eder yakuna ta danoi atsegin yakuna.

Bitarikoa da atsegiña: gozamena ta poza.

Gauza bat da gozatsu egotea ta beste bat pozik egotea.

Asmoz biak elburu berdiña izanik be, ba-da bien artean bereiztasunik.

Atsegiña berez yatorkuna da geienik, maitasun, atsedena, joku bat, erti-lan bat, jan-edana, ta abar.

Poz-sentipenak, ostera, adiskide bat barriro ikusteak, egintza on baten balioak aztertzeak, beste zerbait diñosku.

Zer biok, ur-samar dabiltzala be, gunean ba-dabe alderik.

Ederra beti da guragarri, edonorentzat.

Ederrak berez-berez dakar gure biotza.

Ederra ez da adimenak eta naimenak artzen dauana bakarrik; ikusmenak, txastamenak, usainmenak naiz maite-zirrarak jaso daikee ederra.

Eta esan dogu: ederraren eta atsegiñaren artean ez dago alde txiki baiño, geiago edo gitxiago, zabalago edo medarrago izan daitekela.

Eder yaku joku bat, baita lan bat be.

J. M. Guyau, frantses pentsalariak onela: Bizi izatea bera be, bizi bete ta sendoan, eder dogu; adimenezko ta moralezko arnas beroz bizi izatea, edertasuna bere gaillurrera jaso ta bizi izatea, ez ete da?.

Eta auxe da, ain zuzen, atsegiñik goigoikoena.

Atsegingarri da argizko erdi-muiña, ta ederra dozu onen buru-galdor diztiratsua.

Erti-lana.

Zelan ikusi bear ete arte-lan bat? Nundik begiratu, gugan atsegiña sortu dagian?.

Ez da errez emoteko erantzuna; bakotxak dogu geure izakera ta eziketa, ta ortik dator gure eritxi-emotea.

Onek nasai dakus etxe eder bat, edo-ta margozko lauki bat; beste arek biotz-dardar uts irakurriko dau Lauaxeta'ren olerki bat.

Zer bat da ikusle soil izatea ta bestea antzezle lez, bere nortasuna iñorenean aldatuz, izatea.

Lenengoa iraterti ta zizel-ederretan aurkitzen da batez be, ta bigarrena olerkian eta antzerkian.

Dana dala, ikusleak naiz irakurleak begi bereziakaz ikuskatu ta jaso bear dau erti-lana.

Edozein gauzatan, erti-lanean diñot, beti daukagu gogai bat, gurari bat, egite bat, gai bat; onexek dira erti-lanaren zatiak alkar eioten dabezanak.